XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denontzat izan behar du.

Eta hortarako, inorena ez du izan behar.

Bere jokabideek demokraziaren oinarrizko printzipio eta arauetan sustraituak, printzipio eta arau horien araberakoak eta barnekoak izan behar dute.

Ez gutiagorik. Ez besterik.

Zer esanik ez, ondorioz, irekietan irekiena eta pluralistetan pluralistena izan behar du.

Biotatik bat, edota hau ESek independiente eta zabal ataletan esaten duena da (beste erabat esanda, hori bai) edota, bestela, demokrazia eta pluralismoa zentzu errestriktiboan ulertzen da.

Demokraziaren oinarrizko printzipioak aipatzeak horixe adierazten du.

Nahita nahi ez bakarra izateak eta denona izateak aldi berean, egunkariaren nondik norakoa markatzen du taldearen eritziz: egunkari segmentatua, etxekoa eta osagarria edo alternatiboa, alegia.

* Denona izan behar duenez, interes, kuriosidade, jakin min eta maila (kultur zein beste) aski diferenteetako jendeari zuzendua izan behar du...

Gaur egun egunkariak segmentatuak eginak izatearen aldeko joerez josiak aurkitzen ditugu... Irakurleak bildu beharrak eramaten ditu hortara.

Hortik jo beharko du baita euskarazko egunkariak ere...

Ez da ikusten, izan ere, 10 urtetik gorako neska-mutikoetatik hasi, eta adin guztietako jendea (beste kontsiderazioak aparte) hartu edo bildu nahi duen EGUNKARI batek zer beste erremedio dezakeen hortik jo ezean, irakurleak bereganatu nahi baditu

* Aiton-amonentzat, gurasoentzat edo seme-alabentzat, hitz batean, etxean euskaraz guti edo gehiago irakurtzen dakien guztientzat egindako eta guztiek irakurtzeko moduko EGUNKARIA beharko luke izan.

Orduan, erosi ere EGUNKARIA etxerako erosi beharko litzateke.

Etxeko guztientzat.

Familiako edo etxeko egunkari izatetik datorkiola sarbiderik egokienetakoa merkatuan.

Pentsa daiteke, izan ere.

Datorkiokeela, behintzat.

Eta proba egitearen aldeko da taldea.

*Erosle-irakurleari orain arteko egunkariek eskeintzen ez dioten zerbait eskaintzen saiatu beharko du, batez ere.

Bestela, nekez aurkituko du harek beste egunkari bat erosi-irakurtzeko adina motibu eta interes.

Euskaraz izate hutsa guti batzurentzat eta agian horientzat ere ez luzaroan, izango da egunero erosterainoko eragile.